Zorionak eta eskerrik asko, Getaria!

27 05 2011

Hauteskundeetan egin ohi dugun bezala, oraingoan ere Ezker Abertzaleak egiten duen balorazioa zuekin konpartitu nahiko genuke.

Lehenik eta behin Bildu zoriondu beharrean aurkitzen gara. Orokorrean lortu dituen emaitzak oso positiboak izan direla uste dugu. Berriz ere ezkertiar eta independentisten ahotsa hainbat eta hainbat udal eta esparrutan ordezkatua izango da. Guztiok dakigu, oraindik ere badirela konpondu beharreko hainbat eta hainbat kontu, Sorturi dagokionez… baina bide onean goazela esatea ezinbestekoa zaigu.

Gure esparru hurbilari dagokionean, Getarian Bilduk jaso ditu bozka gehien eta orain akordio posibleak lantzen ari direla aipatuta, udaletxe berri bat izateko bidean gara. Jarraian ageri diren grafikoetan ikusi ahal dugun moduan, ezkertiar eta independentisten bozken igoera nabarmena izan da. Horrek urte guzti hauetan eta nola ez hautes kanpaina honetan zehar ere egindako lanari erantzuten dio. Izan direlako gara eta garelako izango dira!

Udalaz gain, beste hainbat esparrutan ere Bilduren indarra garrantzitsua eta erabakiorra izango da, Urola Kostako mankomunitateari dagokionez, Bilduk 7 bozka ditu, EAJak 5, PSE-EE-k 1 eta Aralarrek 1. Udalen kasuan bezala akordio posibleen menpe, mankomunitatearen gestioa Bilduren eskuetan gera daiteke eta horrek gure eskualdea eta gipuzkoaren garapenerako garrantzitsuak izan daitezkeen hainbat gaitan eragitera eraman gaitzake.

Hurrengo egun eta asteak udal, aldundi… erapenerako garrantzizkoak izango dira baina hor ez da bukatzen dena. Maiatzak 22a data garrantzitsua izan zela ahaztu gabe, orain lanarekin jarraitzea ezinbesteko zaigu. Bilduk lan eta ardura berriei ekiteko erronka izango du esku artean eta horren araberako izango da Euskal Herriaren garapena ere, baina ezker abertzaleak ere lanean jarraitu beharra dauka eta hor izango gara.

Zorionak ezkertiar eta abertzale guztioi!

Getariako Ezker Abertzalea





Martxoko Ketarea dagoeneko kalean da

14 03 2011

Dagoeneko Getariako postontzietan da Ketarearen martxoko zenbakia. Getariako Ezker Abertzalearen aldizkariak, besteak beste, honakoak jorratu ditu:

· 2011ko udal aurrekontuei dagokienez, Getariako hautetsi independentisten proposamena.
· Zure ahotsa, gure hitza ekimenaren nondik norakoak.
· Inkomunikazioaren zulo beltza eta torturatzaileen inpunitatea.

Aldizkaria PDFan jaisteko, egin klik hemen edo goiko argazkian.





Lapurtarrak, atzerritarrak

22 02 2011

Duela egun batzuk, gure eskaeraz, 2010ean Getariak jaso zituen bisitarien kopurua eta jatorria ezagutu genuen.

Horrela sailkatzen dira: batetik Espainiako Estatuko bisitariak daude, autonomia erkidegoka sailkatuak, non Euskadiko eta Navarra-Nafarroako bisitariak bereizita kontatzen diren. Bestetik, atzerriko bisitariei dagokionez, hauek jatorriko estatuaren arabera sailkatzen dira, Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoatik etorritako bisitariak frantsesak bezala kontsideratuz.

Anekdotikoa dirudien gertaera honek kezka sortu du gure artean, ikusirik beren burua abertzaletzat duten gure agintariek inongo erreparorik gabe onartzen eta barneratzen dutela Euskal Herria ukatzen duen banaketa instituzional inposatua.

Non dago Getariako Udala kudeatzen duen PNVk aldarrikatzen duen euskal kontzientzia? Non euskal nazio ikuspegia?

Kezka ere, hau guztia, Getariako Udala turismo plan estrategikoa lantzen ari denean gertatzen ari baita.

Ados gaude Getariak turismoa sustatzeko, beste arlo batzuetan bezala, plan estrategiko bat behar duela, baina inolaz ere ez hari hauekin jositako plan bat, non Euskal Herriaren aitortza ukatzen den.

Euskal Herria onartzen eta aldarrikatzen ez duen turismo edo beste edozein arlotako plan batek ez du inoiz Getariako ezker abertzalearen oniritzia eta babesa izango. Euskal Herriaren biziraupenerako ezinbestekoa baita naziotasuna herriko esparru guztien lanketan oinarri izatea.

Getariako hautetsi independentistak





Tortura salatu eta inkomunikazioa amaitzeko eskatu zuten hainbat lagunek atzo Getarian

14 02 2011

Otsailaren 13a hizki beltzez idatzita dago Euskal Herriaren historian. Joxe Arregi tortura basatien ondorioz hil zen egun horretan, duela 30 urte. Gaur, oraindik, nazioarteko giza eskubideen erakunde guztien salaketa eta eskaerei muzin eginez, inkomunikazioa legezkoa da oraindik Espainian, eta tortura ahalbideratzen duen zulo beltzak hor irauten du, politikoen konplizitatearekin.

Atzo, torturaren aurkako egunean, tortura salatu eta inkomunikazioa amaitzeko eskatu zuten hainbat herritarrek Getarian. 12:00etatik 12:30era elkarretaratzea egin zuten Gudarien Enparantzan. 45 lagun inguru bildu ziren bertan.





Hauteskunde Bulegoa zabalduko dugu ostiral honetan

10 02 2011

Aurreko larunbatean, Harritarten agerraldia egin genuen programa lantzen ari diren lagunekin, eta hori abiapuntutzat hartuta
hurrengo asteetan zehar getariarron iritziak eta beharrak biltzeko inkesta jarriko dugu abian.

Honez gain, informazioa banatzeko eta zuen iritziak jasotzeko, ostiral honetan, otsailak 11, 19:00etan, Elkano kaleko 19an
Hauteskunde Bulegoa zabalduko dugu
. Bertara gonbidatu nahi ditugu herritarrak, bulegoaren helburuak eta funtzioak azaltzeko. Giroa
goxatzeko, gainera, luntxa ere izango dugu.

Bestetik, hilabete honetan zehar, herriko plazan, eta baita auzoetan ere, informazio haimak jarriko ditugu, zure ahotsa gure hitza delako.

Bertan ikusiko garelakoan, ondo izan.





‘Zure ahotsa, gure hitza’ ekimena aurkeztu dugu gaur

5 02 2011

Getarian PNVk urteak daramatza bakarrik gobernatzen. Hori izan da beraien apustua. Bakardade horretan eta Getariarren gehiengo sozialari bizkar emanaz jeltzaleek harturiko erabakiak kezkatzekoak direla pentsatzen dugu. Hona hemen horietako batzuk:

1.-Euskararen normalizazioan atzerapausoak eman dira euskara-teknikaria kendu eta herria UEMAtik ateraz.
2.-Gipuzkoako herririk zorpetuenen artean dago gurea.
3.-Inon ez bezala Getarian, bi politikarik soldata handiak jasotzen dituzte (alkatea eta alkateordea).
4.-Urteetan etxebizitza publikorik egin ez eta oraingoan eraikitzaile handien baldintzen araberako eskaintza egin dute, inolaz ere herritarren eros ahalmenarekin bat ez datorrena
5.-Erabakietan herritarren parte hartzea alboratzen dute.
6.-Herritarrengandik oso urrun dagoen super-museo garesti eta herrirako guztiz desproportzionatua dena bultzatu dute.
7.-Gehiengo soziala osatzen duten oposizioko alderdiak mespretxatu dituzte.
8.-Indarkeriazko ekintzen aurrean (ertzaintzak herritarren aurka egin dituenak) guztiz pasibo mantendu dira.

Horri guztiari familien zorpetze tasa handiak gehitu behar dizkiogu, EREak, pentsioen murrizketak, jubilazio adinaren luzatzea, langileak kaleratzeko gero eta erraztasun gehiago izatea, soldata prekarioak, finantza merkatuek sortu duten zorra langile guztien diruarekin ordaintzea…
Salaketa eta kexu hauek Getariar guztion ahotan daude, Getariar askoren eguneroko ogia dira. Baina eguneroko kexu hauek iraganeko kontuak izan daitezke!

Aldaketa azkar eta sakon baten beharrean gaude, soilik aldaketak aterako gaitu gauden egoera larritik.
Garaia da beraz, Getarian orain arteko jarduera politikoaren ardatzak errotik aldatzeko. Gure esku dago PNVk bultzatzen duen praktika zaharkitu hori aldatzea. Gure esku dago errealitate hori iraultzea. Izan gaitezen Aldaketa. Eta aldaketa horren gidaria. Oraingoan bai!!

Ausart zaitez aldaketara. Zure ahotsa, gure hitza!

Guk ez ditugu interes pertsonalak, ez gaude gure patrikak betetzeko.
Jazarpena, ilegalizazioak, epaiketak…ezagutu ditugu gure ardurak betetzeagatik, baina gure konpromisoa haratago doa. Getaria, Euskal Herria, gatazka politikoa gainditzea, aldaketa politiko eta sozialaren eta herritarren ongizatearen alde lan egingo dugunaren irmotasuna dugu.

Horretarako herritarren ahotsa jaso ahal izateko bitartekoak jarriko ditugu, zure ahotsa entzuteko: besteak beste, etxe guztietara inkesta buzoneatuko dugu, webgunea ireki, zuzenean herritarrak eta eragileekin elkartuko gara, auzoetara joango gara, Elkano kalean bulegoa ireki eta plazan Haima jarriko dugu. Herrian Getariarren partehartzea bultzatuko dugu Getaria eta getariarrak baitira gure helburu.
Horregatik, HERRI PROGRAMAren osaketarako, abertzale, ezkertiar eta independentisten parte-hartzea bilatuko dugu, herrietan eta auzoetan.

Parte-hartzeko deia luzatu nahi dizuegu eta bide horretan zure ahotsa gure HITZA izango da.

Ez gara besteak bezalakoak, HITZEZKOAK gara, gure HITZA betetzen dugu eta berriro ere hori frogatzera gatoz.

Getarian, 2011ko otsailaren 5an





Gaur Greba Orokorra!

27 01 2011





U27, Greba Orokorra!

26 01 2011





Udalbiltza aske! Urtarrilak 19, elkarretaratzea Getarian

18 01 2011

Sanantonen biharamuna pasatzeko denbora askorik gabe, hotz esnatu da gaur Euskal Herria: hamahiru atxiloketa.

Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Frantziako Poliziak eta Espainiako Polizia Autonomikoak hamahiru lagun atxilotu dituzte Araban, Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin, Euskal Herrian zabaltzen ari den prozesu politikoa zapuzteko azken sarekadan. Ez da lehena, eta ez da azkena ere izango, baina herri honen borondatea ez dute armen, epaien eta atxiloketen bidez isilaraztea lortuko, errepresioaren gurpilari inoiz baino gogorrago bultzako dioten arren.

Testuinguru horretan, Udalbiltza auziaren inguruko epaia jakinaraziko dute ostegun honetan.

Hori dela eta, Getariako Bai Udalbiltzari babes taldeak, Euskal Herriko beste herri eta auzoetan bezala, herritarrak elkarrretaratzea egitera deitzen ditu.

Elkarretaratzea bihar izango da, urtarrilak 19, osteguna, 19:30ean, udaletxe aurrean, JUSTIZIA=ABSOLUZIOA, UDALBILTZA ASKE lemapean.

Getariako Ezker Abertzaleak bat egiten du deialdiarekin, eta bertara deitu nahi ditugu herritarrak.





Etxean nahi ditugu!

29 12 2010

Urte Zahar gauean, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko bi ekitaldi izango dira Getarian:

• 19:30ean, kontzentrazioa, plazan.
• 00:30ean, presoen aldeko brindisa, Harralden.

Era berean, Getariatik ere urratsa egingo dugu, eta Bilbon izango gara urtarrilaren 8an, Etxeratek antolatutako manifestazioan. Autobuserako izena Harralden eman daiteke dagoeneko.

Etxean nahi ditugu!